EIBAR FOTOGRAFICO

BERRIA

  Argazkilaritzaren hilabetea maiatzean, Eibarren

Erredakzioa

Donostia

Argazkilaritza Maiatzean ekimenak argazkiz, argazkilariz eta argakigintzaren inguruko ekitaldiz beteko du Eibar (Gipuzkoa) hilabete honetan. Erakusketaz gain, argazki rally bat antolatu dute, performance bat eta Argazkigintza Surrealistaren Nazioarteko Lehiaketa.

Gaur zabalduko dituzte lehen bi erakusketak. Eibarko Klub Deportiboak antolatzen du ekimena, eta taldeko 16 argazkilariren lanak jarriko dituzte ikusgai elkartearen Anbigu aretoan. Tartean dira Bakarne Elejalde, Virginia Arakistain eta Jose Luis Martinez.

Egoitza horretan bertan izango dira ikusgai Argizaiola sarirako aukeraturiko argazkiak. Argizaiola saria 1973. urtean sortu zuten, Altsasun (Nafarroa). Sarien saria izan da hasieratik. Beste lehiaketetan sarituriko argazkiak aukeratzen zituzten, eta bilduma ibiltari baten bidez erakusten zituzten. Egun, sariak jaso dituzten argazkilariek berek aukeratzen dute zein argazki aurkeztu. Depor elkarteko bi erakusketa horiek maiatzaren 31ra arte egongo dira ikusgai.

Ostiraletik aurrera, beste hiru artistaren lanak ikusi ahalko dira Eibarko Portalea Kultur Etxean. Javier Pedro Fernandez Ferreras da argazkilariotako bat. Argentinan jaio baina txikitatik Bizkaian bizi da Fernandez.

Juan Jesus Huelvak artzain zakur belgiar baten inguruko argazkiak jarriko ditu ikusgai. Mamen Marik testuren inguruko lanak aurkeztuko ditu.

Asier Castrok itsasoaren inguruan eginiko irudiak. Hiru erakusketak maiatzaren 27ra arte egongo dira ikusgai.

Maiatzaren 20ko goizean argazki rallya abiatuko dute Depor elkartetik. Edonork har dezake parte ekitaldian.

Nazioarteko Argazkilaritza Surrealistaren erakustaldia egingo da 26an, eta Natxo Zenborain antolatzaileak performance bat egingo du Untzaga plazan.

Ekimena. Argazkigintza Maiatzean. Lekua: Eibar, Gipuzkoa. Noiz: Gaurtik maiatzaren 31ra arte.