PERIODICO EGUNKARIA  20- 1- 1999


Arte


“Fotokalkografiak”  erakusketa zabaldu du Natxo Zenborainek

 Iruneko Udalak bildu ditu artista iruindarraren lanak

 Natxo Zenborain artista iruindarraren erakusketa zabaldu zuen atzo Iruneko Udalak, Nafarroako hiriburuko Descalzos kaleko 72. zenbakiko aretoan. Zenborai-
 nek 70 kalkografia zintzilikatu ditu Udaletxeko galerian, eta, haien bidez, sarbideko bidaia proposatzen die ikusle nafarrei. Erakusketa datorren otsailaren 14a bitartean egonen da zabalik. Berriki New Yorken izan du instalazio erakusketa bat.

IRUNEKO Udalak Natxo Zenborain artista nafarraren Fotokalkografiak erakusketa zabaldu zuen, atzo, Descalzos kaleko aretoan. Izenburu horren pean, azken lanak bildu ditu iruindarrak: eskuz eta ordenagailuaren bidez moldatutako argazki eta marrazkiak oinarritzat hartuz, kartulina gainean egindako 70 kalkografia, alegia.


Obren eskutik, sarbideko bidaia proposatu nahi die Zenborainek ikusleei, erakusketa aurkezteko egindako agerraldian azpimarratu zuenez. Bidaia horretan, auto, animalia, emakume edo Iruñeko Alde Zaharreko hainbat txokotako irudiekin batera, ezagupena, bizitza edo gogoa bezalako ideia abstraktuagoak gogora ekartzen dituzten kalkografiak nahastu egiten dira erakusketan.


«Ipuin bat kontatzen du nire erakusketak; ipuin bateko ilustrazioak dira obrak», dio Zenborainek; hori dela eta, obrei buruz mintzatu baino areago, aproposena ikusleek obrek errateko dutena entzutea dela uste du. Kalkografiekin batera, ehundik gora irudirekin egindako ikuskizuna aurkeztu du Zenborainek, aretoan jarritako ordenagailu baten bidez. Astebetez 60 irudi ezberdin erakutsiko ditu, eta hurrengo astean, berriz, beste 60.


Teknologia berrien aukerak ederki aprobetxatzen badaki Zenborainek artelanak osatzeko; nafarraren  ustez, hala ere, irudimena baliabideak baino garrantzitsuagoa da, eta, ondorioz, gauza gutxirekin ere «obra interesgarriak» egin daitezke. Adibidetzat, berriki Eibarren aurkeztutako diaporama aipatu zuen, eskuz egin baitzituen irudien arteko fundidoak.
 Irunetik New Yorkera


Eibarren aurkeztu lana ez da Zenborainek azken aldian egindako bakarra, berriki New Yorken egin nazioarteko instalazioen lehiaketa batean parte hartu baitu. Ondorioz, abenduaren 15a arte hiri hartan 35 herritako obrekin egindako erakusketan parte hartu ahal izan zuen.

Edurne Elizondo /_  Irunea

 


 

     Volver