eta kitto! Euskara Elkartea revista : FIRIN FARAN
Firin faran
-
Zertan datza Eibarrera ekarriko duzun emankizuna?
Eibarko Klub Deportiboko argazkilaritza saileko lagunek
performance bat eskatu zidaten. Performance hori internet bidez
muntatzea erabaki nuen, beraz, deialdi bat egin nuen
argazkilaritza surrealistaren esparruan lanak jasotzeko.
Deialdiak oso erantzun ona lortu zuen, eta azkenean 75 artista
ezberdinen 160 lan inguru egongo dira ikusgai erakusketan. Artea
herritarrei gerturatzea izango litzateke helburu nagusia.
Horregatik erabaki nuen erakusketa Untzaga plazan muntatzea.
Aukera paregabea izango da argazkiak kalean, bertatik bertara
ikusteko, jendeari hainbeste ‘beldur’ ematen dien erakusketa-areto
batean sartu gabe. Larunbatero Eibarko kaleetatik zehar egiten
diren ibilalditxo horietako batean ikusteko erakusketa antolatuko
dugu, kalean bertan.
- Argazkien autoreak ere
bertan izango dira?
Ez, argazkilarien atalean ez da egilerik izango. Bigarren atal
batean ordea, performancean, zuzeneko instalazioak muntatuko
ditugu, eta hor bai, egileak bertan egongo dira. Artista batek
nola egin eta nola sortzen duen ikusi ahal izango du ikusleak. 9
instalazio inguru egongo dira eta horien autoreak bertan izango
dira, besteak beste Tony Grady, Luis Morea, Milton Duarte
guatemalarra eta Koldo Agarraberes.
- Gainera, ikuslea elementu
aktibo bilakatuko da, ezta?
Bai, Coliseo parean tailer bat antolatuko dugu. Helburua jendeari
beldurra kentzea litzateke. Artazi batzuk hartu, koloretako paper-zatiak
moztu eta kolarekin itsasteko gogoa duen edonori horixe egiteko
aukera emango diogu, collage batean. Jendeak imajinazioa garatzea
nahiko nuke, probokatu egin nahi ditut. Haurrengandik ikasi
beharko genuke. Eurek ez daukate inolako ardurarik euren
irudimena garatzeko, ez daukate beldur eszenikorik. Zirriborro
bat egin duen haur bati ea zer marraztu duen galdetzen badiozu,
lotsarik gabe erantzungo dizu zirriborro hura bere aita, edo ama,
edota bere etxea dela. Berriz ere espiritu hori berreskuratu
beharra dago, eta tailer horrekin horixe lortu nahiko nuke.
Gainera, tailer horretan jendeak eginiko lan guztiak, geroxeago
Untzaga plazan egongo dira ikusgai.
- Esparru ugari landuko dituzue beraz…
Eta ez hori bakarrik; poesiaz eta dantza garaikideaz
disfrutatzeko aukera ere izango da, azken hau Carmen Larraz
dantzariaren eskutik.
- Lehenengo aldia da gisa honetako performancea edo
happening-a antolatzen duzula?
Ez, beste hainbat egin ditut azken urte hauetan. Iruņan, Gaztelu
plazan emanaldi erraldoi bat antolatu nuen orain dela 10 urte;
ondoren Florentzian eta Parisen ere antolatu izan ditut
honelakoak.