Berria    PERTSONAIA: Natxo Zenborain           Gamusinoen Bila 2007

Arte


Natxo Zenborain

Gamusinoen bila

Potreta

alberto barandiaran
Iruñea
Gamusinoak egon badira? «Bai, horixe», erantzun du Natxo Zenborainek. «Beti daude hor. Jakina da jendea, gauez, gamusinoen bila ateratzen dela, eta ehiztaririk ehiztarienak eskaut horiek direla, gauez egiten dituzten kanpalekuetan gamusinoak ehizatzera ateratzen direnean. Baina jakina da horiek inoiz ez dituztela gamusinoak harrapatzen. Nik batzuk ikusi ditut, ordea».
Orain gobernuz kanpoko erakunde (GKE) bat sortu du, gamusino gardenak babesten laguntzeko. Bere esperientzian oinarritutako zirriborroak marraztu ditu, eta diru bilketa abiatu du bere web orriaren bidez: www. zenborain. com. «Ilargiarekin oraindik ateratzen dira, gauez», baieztatu du.
IRUDIMENA ALDARRI. Natxo Zenborainek (Iruñea, 1960) irudimena aldarrikatzen du. Eta horretarako gamusinoak derrigorrezkoak direla sinetsita dago. «Gamusinoak oso azkarrak dira, inork ez du oraingoz alerik harrapatu, baina haien bizitokiak eta inguruak urritzen ari gara etengabe. Hor daude, esaterako, pitufo mangurrinoak. Horiek erretrata ditzakegu, baina toki gehiegi hartzen dute prentsan, irratian eta telebistetan. Eta arazoa da, gainera, gamusinoen irudimenaren tokia betetzen ari direla. Eta, ondorioz, irudimena galtzen ari dela».
Zer egin? Arazoa helduengan dagoela dio Zenborainek. Haur bakoitzak bere pertsonaia duela, haiekin hitz egiten dutela, eta irudimena osasuntsu dutela. Arazoa dela txikiak handitzen direnean. Zekitena ahaztu egiten zaiela, eta gatzipeko bilakatzen direla. Xarma gizartean urtzen dela, dio.
Pintura sikodelikoak egiten ditu Zenborainek, heldulekurik gabeko artelanak. Argazkiak, bideoak, margoak eta performanceak. Duela hamar urte, Gazteluko plazako zuhaitzak emakumeen irudiz jantzi zituen, eta duela bost, Seminario pasabidean, irudizko hiria erretratatu zuen. Erakusketa Iruñeko Udalaren baimenarekin egin zen, baina hirigintza arloko zinegotziak 36 euro eskatu zion gero. Kanpaina antolatu zuen, berez «zakar eta bidegabekotzat» jo zuen neurriaren aurka, eta Arartekoak arrazoia eman zion, baina ez du oraindik zinegotziak atzera egitea lortu. Geroztik, ez du Iruñeko Udalaren lokaletan erakusketarik egin. Ez dute berriro deitu, besterik gabe.
«Parisen, esaterako, 150 zapatarekin erakusketa ibiltaria egin nuen duela bi urte», azaldu du, «baimen guztiekin, eta han zen udal zinegotzi ordezkaria, bere teknikari guztiekin, eta haur eskolako haurrekin tailerrak egin genituen. Bikain, esan zidaten, frantsesez».
PSIKIATREN ARTEAN. Duela gutxi, psikiatren kongresu batean izan da. Psikodeliaz betetako ikus-entzunezko bat proiektatu zuen han, kongresu erdian. Erakutsi nahi zuen irudi berak hainbat interpretazio izan ditzakeela, nork ikusten duen. «Errealak ez diren irudien aurrean, bakoitzak bere irudia sortzen du. Kongresistek zoriondu egin ninduten. Gaixoren batek ere bai».
Marrazkiz betetako karpeta bat dauka. Zirriborratu egiten ditu ideiak, eta gero hegalak jartzen dizkie. Hori falta zaio, haren ustez, egungo arteari. «Lehen erakusketa bederatzi urte nituela egin nuen. Irakasle bati bururatu zitzaion onena zela haur guztiekin erakusketa bat egitea, eta niri ideia bikaina iruditzen zait oraindik gaur egun. Hor dago irudimena, huts-hutsik».
Egungo artea? Diru gehiegi dagoela bota du. «Diruarekin edozer gauza egin dezakezu, eta horrela banatzen dute, irizpiderik gabe. Baina hori ez da sormena, betikoaren errepikapen aspergarria da hori. Niri gauza berriak sortzea gustatzen zait, geratu gabe mugitzea. Lur planeta honetan nagoenez, utz nazatela behingoz arnasa pixka bat neuk bakarrik hartzen, ezta?», galdetu du.
prInTzaK
Firenzeko Biurtekoan. 2001ean irabazi zuen, arte garaikidearen alorrean.
Gazteluko plazan, Iruñean. Zuhaitzei emakume itxura eman zien, 1997an.
Eibarren. Maiatzerako, argazki surrealisten erakusketa antolatu du.


       Volver