Prensa BERRIA

2005

Natxo Zenborainek 'performance' bat egingo du gaur Internetez zabaltzeko


        MAITANE BURUSKO - IRUÑEA Intimista uno izeneko

        performance-a egingo du gaur arratsaldeko bostetan Natxo

        Zenborainek Iruñeko bere etxean, web kameraz filmatu eta

        gero, Internet bidez mundu osora zabaltzeko. Www.zenborain.com

        webgunean jarraitu ahal izango da.  

Natxo Zenborainek

        aurrez ere egin ditu hainbat performance, Parisen eta

        Florentzian, esate baterako. Florentzian Lorentzo Bikaina

        saria irabazi zuen 2001eko Arte Garaikidearen Biurtekoan.

        Orduko hura arte erakustaldi haietan kalean,

        publikoarekin harreman zuzena zuela egin zituen bere

        ikuskizunak. Iazko azaroan Parisen kolorezko mosaiko bat

        egin zuen, adibidez. Baina gaur Iruñetik egingo duena

        bestelakoa izango da, nahiz eta performance-aren

        ezaugarriak izango dituen, ustekabekoak emanez.  

Artista polifazetikoa da Natxo Zenborain eta

        esperimentaziorako joera izan du beti ardatz. Era

        guztietako lanak egin ditu, eta oraingoan sarean

        ikusgarria izanen den performance-a prestatu du. Etxetik

        mundura hedatuko du emankizuna, baina espazio muga hori

        ez da artista honentzat oztopo. Haren esanetan, «sortze

        une bat komunikatzeko dauden aukerak asko dira eta

        material plastikoak, tresnak, marrazkiak edota mezuak

        erabiltzea posible dut, besteak beste».

Zuzeneko

        interpretazioa Espazio publikoa komunikazio aldetik askoz

        ere egokiagoa dela badakien arren, bitarteko bakoitzaren

        ezaugarri eta aukerak erabiltzeari ekin dio egileak eta

        Internetek munduko edozein lekutan egotea ahalbidetzen

        duela dio. Haatik, «edozein baldintzetan eroso egoteko

        gaitasuna» duela aitortu du.  

Oraingoan Natxo Zenboarinek prestatu duena

        ezagutzeko arratsaldera arte itxarotea beste aukerarik ez

        dago. Baina orain arteko joera ezagututa eta performance-aren

        «harritzeko gaitasuna» kontuan harturik, «arau zein

        gidoirik gabeko zuzeneko interpretazioa izanen da

        gaurkoa», azaldu du.