GARA


ARTE

Natxo Zenborainek kalera atera ditu bere azken instalazioko piezak, Iruñean

Edurne Elizondo/iruñea

Natxo Zenborainek kalera atera du bere artelana, Despertando a la ciudad (Hiria esnarazten) izenburuko performancearen eskutik. Udaletxeko plazaren ondoko Seminario pasabidean jarri du bere obra artista nafarrak. Psico art bere instalazioko hainbat pieza ikusi ahal dira, batetik, bai eta Zenborainek azken hogei urteotan bere estudioan gordeta izan dituen hainbat lan ere.


Lan horiek erakutsi ez ezik, haurrentzako tailerrak antolatu ditu artistak ere erakusketak iraunen duen bitartean egiteko, hau da, datorren igandea bitarte. Gainera, bi musika emanaldi izanen dira: gaur Doctor Robert taldeak joko du eta larunbatean, berriz, Bur Abad kantautore nafarrak.

«Alde Zaharrean bizi naiz eta oso interesgarria iruditzen zait kaleko espazioa betetzea; jende askori kostatzen zaio museoetara sartzea. Artea herritarrengana hurbildu nahi izan dut, liburu saltzaileek egiten duten bezala», azaldu zuen egileak.

Zenborainek, gainera, duela bost urte Gazteluko plazan egindako performance-a ekarri nahi izan du gogora oraingoarekin.

Orduan bezala, kaletik pasatzen diren herritarrekin sortzen den harremana da Zenborainek gehien estimatzen duena, mota horretako proiektutan.
DESPERTANDO A LA CIUDAD PERFORMANCE