Iruñeko Seminario pasabidea «suspertu» du Zenborainek
·«Performance» baten bidez, txoko horri bizitza eman dio
Iruñea «suspertu» eta jendea artera hurbildu. Horiexek dira
Natxo Zenborain artistak bere azken «performance»aren bidez lortu nahi
dituen bi helburu nagusiak. Hori posible egiteko, bere lan jardueran
sortutako emaitzak agertzen ditu eta aste honetan hainbat ekimen ere
bideratu ditu. Adibidez, bi kontzertu egingo dira, eta umeentzako
tailerra ere antolatu du.
Mikel LIZASO
IRUÑEA
Bere ohiko bizilekutik oso hurbil dagoen gune bat aukeratu du Natxo
Zenborainek bere azken performancea garatzeko. Ekimen horren bidez,
Iruñeko artistak udaletxeko plaza ondoan dagoen Seminario pasabideari
itxura berria eman nahi dio. Atzo prentsaurrekoan agertu zuenez, txoko
hori bakarrik ez, herri osoa suspertzen saiatuko da Zenborain hilabete
honen 16ra bitartean. Horretarako, pasealeku horretan collage estiloko
koloretako irudiak jarri ditu, eta, horretaz gain, gunea eskulturez
hornitu du. Seminario pasealekuan erabili gabeko hainbat erakusleku
daude eta horietan ere bere hainbat artelan agertuko ditu Zenborainek.
Ordenagailu baten bidez, berriz, ehunka irudi agertuko ditu, «bertan
behera utzita geratu diren eta bizitza propioa ematen saiatu naizen»
objektuak alegia. Erakusketa horretan, bere jarduera artistikoan
egindako lanak ikus daitezke, duela gutxi amaituriko beste batzuekin
batera. Erakusketa hori mugikorra izango dela da ezaugarri nagusietako
bat. Hau da, astean zehar artelan batzuk desagertu, eta, horien partez,
beste batzuk jarriko ditu. Aste guztian, Iruñeko herriari bizitasun
berezia emateko asmoz, perfomancea egingo den leku horretan bertan bi
kontzertu eta haurrentzako tailer bat antolatu ditu Zenborainek. Azken
ekimen horren inguruan agertu zuenez, umeek «amaigabeko sorkuntza
ahalmena» dutela eta hori garatzen saiatuko dela adierazi zuen nafar
artista horrek. Tailer horretan mugarik gabe jardun ahal izango dute
haurrek.
Kontzertuei dagokienez, asteazkenean Doctor Robert taldeak hartuko du
parte eta larunbatean Bur Abab musikarien txanda izango da. Aipatu
kontzertu horiek arratsaldeko zortzietan izango dira. Atzo hasi eta
aste barruan garatutako performance horretan gertatzen dena munduan
zehar agertzea nahi du Natxo Zenborainek, eta, hori posible egin ahal
izateko, web-orri bat sortu du. Interneteko gune horretan, egun osoan
gertatzen diren gauzak azalduko ditu eta irudiak ere agertuko dira.
Iruñeari bizitasun pixka bat emateaz gain, Natxo Zenborainen asmo
nagusia artea herri horretako biztanleei hurbiltzea da. «Gaur egun
badirudi beldurra ematen diola jendeari erakusketa guneetara joatea.
Badirudi dena ordaindu behar dela eta hori ez da horrela. Artea doakoa
ere izan daiteke». Gai horrekin jarraituz, Zenborainek berak esan
zuenez, «gune honetara etortzen denari bi irudi ikusteak
hausnarketarako gogoa pizten badio, nahikoa dut».
|